XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egunerokotasuna

Santutxu den paisaia hiritarrean altxatu da poetaren boza.

Badu joera epikorik horrek, erromantikoa, eroa, belaunaldi baten kexak nahiz eta talde batenak izan agertzea omen da liburuaren helburua.

Hori lortzeko egunerokotasunak (ingelesezko hitzak, jantzietan eta marketan jarritako arreta, iraultza marka komertzialetan! dudarik gabe 68koen beste traizioa!) zeresan handia du, sinesgarria egiten dute-eta liburua.

Maitasunetik hasi eta gaueko bakartasunaren aitorpen ironikotik pasa eta egunean egunean hirian aurkitzen diren elementuetara helduz, eraiki da poesia.

Badakit agian ideiologia aldetik ez direla markatuenak, baina institutuko bizitzaz egindako poemak nabarmenak egin zaizkit.

Egunerokotasunaren alde egin du bizkaierazko fonetismoak, gutxienez poema bitan agertu denak. Kanta bakarra Ikernerentzat poemak mugarik gabe erabili ditu halakoak, mugatuagoa da Zuri eskribidu behar deutsadala dinosteen.

Egunerokotasuna ez da deskripzioa soilik. Sentipenarekin lotuta, batez ere bakardadearekin, ikaragarrizko indarra hartu du. Errealismo zakarraren zantzuak? Ziurrenik.

Liburua irakurtzen ari nintzela askotan etorri zait gogora Garikoitz Berasaluzeren liburua.

Gaiak, hor nonbait, antzera datoz, ahotsa desberdina izan arren. Horra:

- Maitasuna eta borroka errota bakarrean ehotzea: Sexua eta argitarazioa kantu beraren irakurketak dira, maitasunaren eta iraultzaren idazlanak biltzen ditu.

- Musikaren garrantzia:

Kantuetako letrak erabiltzen nituen oinarri bezala. Gaur egun poetika guzti hori talde pila batek dakar, eta hortik askok edaten dugu.